jueves, 4 de agosto de 2011

LAS 2 CARAS DEL ANETO



BENASQUE (Avenida de los Tilos) 1.138m:
Irtetzeko gogotsu nago. Helburua 10-11 ordutan 67 kilometroak eta +3800 desnibela gainditzea da.
Irteerako arkuaren azpian pare bat argazki atera Malen alaba eta Naia lobarekin, kafe bat hartu, komera osteratxoa eta irteerako esparrura.
Aurretik materialaren kontrola pasatu behar izan dugu korrikalari guztiok. Derrigorrezko materialaren zerrenda nahiko luzea da (forro polarra, kortabientosa, manta termikoa, txapela, betaurrekoak, janaria...) eta kasu batzuetan oso ondo begiratzen dute, batez ere motxila txikia edo arina daramatenen kasuan. Nik ez daukat arazorik, 4-5 galdera egin eta aurrera!! Seinalea "gainkarga" daramadala. Baina bueno, kilo bat gorabehera nire kasuan berdin da, ez dut uste gehiegi eragingo didanik.
10:45ean antolatzaileak azken gorabeherak aipatzen ditu eta 11:00etan "TXUPINAZOA"!! Eta ohikoa den bezala mundu guztia (edo ia guztia) korrika ateratzen da Benasqueko kaleetatik. Baita ni ere!!

1-BENASQUE (1.138m)-SENARTA (1.397m). 6,8 km. Denbora: 43:59. Postua: 119
Zati hau pista zabal eta eroso batetik da, hasieran errepide ondotik eta gero Esera ibaiaren ertzetik Senartako presararte. Bertan dago lehen kontrola eta ballibiernako bidegurutzea. Ia den dena (pare bat aldapa eta basoko atajo bat kenduta) korrika egiten ari naiz, ahal dudan neurrian lasai eta erritmoa kontrolatuz. Baina jendeak fuerte hasten denez eta txisa egitera geratu naizenez askok aurreratu naute. Lasai, karrera luzea da eta!!


2-SENARTA (1.397m)-CORONAS (1.952 m). 13,5 km. Denbora: 1:50:41. Postua: 112
Senartako kontrolean fitxatu eta eskuinera hartu dugu pista batetik. 500 metrora basoko bidexka batetik sartu gara, eguneko lehen aldapa gogorrari ekinez. Aldapa honetan lasterkari batzuk aurreratzen ditut. 10 minututan berriro pistan gara eta pistatik jarraitu dugu hurrengo kontrolerarte, Coronaseko refugio ondorarte. Nahiz eta tarte honetan ez egon desnibel handirik, denbora guztian goruntz goaz eta jende askok berriro aurreratzen naute. Zati ia guzti hau Leire Ezpeletarekin (G2H irabazlea) hizketan egin dut, ia gehiena oinez, tarte lauetan korrika eginez. Momentu batean Leire pixkat geratu da eta Katalan batekin (Marc Gutés) kilometro inguru egin dut. Aurten Arratzu eta iaz Zegama egin zituen eta asko gustatu zitzaizkiola komentatu dit. Aurten Tramuntanako trailean (62km) 9. egin duela eta Cavals de Vent prestatzen ari dela esan dit eta korrika egitera animatu nau. Oso ondo erantzun diot, bakoitzak bere erritmoan jarraitzea izango dela onena!! Beraz, joaten utzi diot eta berriro Leirerekin elkartu naiz. Inguruko paisaiaz gozatuz Coronaseko kontrolera iritsi naiz. Momentuz ondo, gustora eta neke handiegirik gabe.

3-CORONAS (1.952 m)-BALLIBIERNAKO LEPOA (2732m). 19 km. Denbora: 3:17:19. Postua: 73
Oraindik fresko nago!! Baina orain arte pista erraz batetik etorri bagar ere, hemendik aurrera lurzorua guztiz aldatzen da.
Errrekatxo bat jarraituz harri artean doan bidezka batetik gora goaz. Ondo noa eta Leire atzean geratzen da. Poliki jendea aurretuz noa, indartsu sentituz. Altuera hartuz goaz eta ikuspegia zoragarria da. Ibaia jarraituz goaz, noizbehinka gurutzatuz. Geldialditxo bat egiten dut ura hartzeko.

Ballibiernako ibonetara iristen naiz eta lehen harriak zirenak orain granitozko bloke handiak dira, ahuntzak bezala harri batetik bestera salto eginez aurrera eginez!


Lehen korrikalariekin gurutzatzen naiz, niri oraindik 20 bat minutu falta zaizkit gorao eta beraiek bueltan. Ibonetatik Ballibiernako lepoa ikusten da , eta nahiz eta jende dexente aurreratu, indarrak ere agortuz doaz.

Azken "pedrera" eta goian nago!!

Hau ikuspegi zoragarria!!

4-BALLIBIERNAKO LEPOA (2732m)-CORONAS (1.952 m). 24,1 km. Denbora: 4:25:50. Postua: 68.
Fitxatu eta poliki-poliki jeisten hasi naiz. Kontu handiarekin!! Lasterketako zatirik teknikoena da eta helburua minik ez hartzea da. Zangoak ere justu sentiutzen ditut. Agian azkarregi igo naiz!! Sentzazioak ez dira onak. harri bloke handiak pasatu ditut eta ibaia zeharkatzen dugun hurrengo aldian geratzea erabaki dut. Eseri, ura hartu, kamelbaka bete, bokadilotxo bat jan, galtzerdiak aldatu... eta kalanbre txiki batzuk izterrean!! Kakazaharra!! Coronaseko kontrolera 2-3 km falta dira, dena harri artetik. sentzazioak oso txarrak dira!! Eta oraindik maratoi oso bat aurretik, eta Picadako igoera. Buruari bueltak ematen dizkiot. Ez du merezi sufritzea!! Erretiratzea pentsatzen dut!! Bueno, hobeto pentsatu eta Coronasera ahal dudan bezala iritsi eta handik behera pista denez, ondo jan eta edan egin eta Senartan erabakiko dut!! Lasai-lasai, korrika Coronaseko refugioa ikusten dut.
5-CORONAS (1.952 m)-SENARTA (1.397m). 31,3 km. Denbora: 5:06:33. Postua: 60
Coronasen fitxatu eta pista dator berriz, lehen igo garen toki beretik jeisten gara. Nere zangoek eskertzen dute. Korrika jarraitzen dut, ondo janez eta edanez eta snetzazioak hobeak dira orain. Eskerrak!! Erlojua begiratu eta nire kalkuloak egiten hasten naiz. Senartara 5 ordutan iristen banaiz agian lortu dezaket. Handik helmugara 36 kilometro falta zaizkit eta beste 6 ordutan egin dezaket. 15 km gorantz dira eta orduko 5 km eginda 3 ordutan Picadako lepoan egongo naiz eta handik Benasquerako 21 km-ak egiteko beste 3 ordu ditut, orduko 7km-ko batazbestekoan. Hori bai, Pikadara indarrekin iritsi behar naiz, iaz Adur Juaristiri geratutakoa ez gertatzeko. Lehen kilometroetan berarekin hitzegin dut eta 5 ordu behar izan zituela esan dit. Beraz, indarrak gordetzea ezinbestekoa da. Baikorrago nago eta nire helburua bete dezakedala uste dut. 10 ordutan iadanik ezinezkoa da, baina 11 ordutan posible ikusten dut. Gainera jendea aurreratuz noa!! Neure burua motibatuz noa, automotibazioa garrantzitsua da holako frogetan!!
6-SENARTA (1.397 m)-BAÑOS DE BENASQUE (1.680 m). 35,8 km. Denbora: 5:48:55. Postua: 56.
Berriro goruntz!! Hasieran terreno laua da Esera ibaiaren alboko pistatik, igoera eta jeitsiera suabeekin. Nire aurrean, 100 metrora korrikalari bat ikusten dut eta poliki-poliki gerturatuz noa, laister harrapatuko dut!! kilometro inguru elkarrekin egiten dugu eta zalantzak sortzen zaizkigu aurretik eta atzetik inor ez baitugu ikusten. Ondo joango gara? Baina bidegurutze batean neska kuadrila bat ikusten dugu eta dudak uxatzen ditugu. Ondo goaz!! Bero egiten du eta ura hartzera geratzen naiz. Gainera pista utzi eta harriz betetako bidezidor bat hartzen dugu, Benasqueko Bañuetara eramango gaituelarik. Iadanik berriro ere bakarrik noa. Nekea ere somatzen dut eta kontrolatu beharra daukat, bestela... Gainera Pikada geratzen da eta espero dut ez izatea Ballibiernako igoera bezalako harritsua... bestela a zer nolako sufrikarioa!! Konturatu orduko kontrolera iritsi naiz eta gertu 3-4 korrikalari ikusten ditut. Berriro animatu naiz!!
7-BAÑOS DE BENASQUE (1.680 m)- VADO DEL HOSPITAL (1.753 m). 39,3 km. Denbora: 6:29:39. Postua: 58
Bainuetxean fitxatu eta berriro mendiko bidezidorra hartu dut. Nahiko zati teknikoa da, harrieki eta sustraiekin. Gainera nahiko gorabeheratsua, errirtmo konstantea mantentzea dexente kostatuz. Nahiko uztuta sentitzen naiz eta Pikadara heldu aurretik indarrak berreskuratu behar ditudala pentsatzen dut. Beraz, ondo jan eta edan behar dut!! Tripak ere harraro samar sentitzen ditut. Hala ere, erritmoa piska bat jeitsi, baina geratu gabe aurrera eginez jan eta edanez noa. Korrikako "pausoz pauso..."-ren estribilloa darabilt buruan. Korrikalari batzuk aurreratu ditut baina niri ere aurreratu naute. Maratoiko lehen korrikalariekin gurutzatu naiz, beraiek helmu usainduz eta ni oraindik infernutik atera gabe. Behin baino gehiagotan etorri zait burua ondorengo galdera: "zergaitik ez zara apuntatu maratoira?". Sentzazioak ez dira onak, justu noa. Azken jeitsiera, 200 metro asfaltoz eta Vadora iritsi naiz. Gutxiago falta da!!
8-VADO DEL HOSPITAL (1.753 m)-PUERTO DE LA PICADA (2.477 m). 46,1 km. Denbora: 8:05:42. Postua: 50
Fitxatu eta Picadararte zenbat falta den galdetu dut: "Subir y bajar 12km" erantzuna. Ez da hainbeste!! Pentstau dut inozo-inozo, neur eburua motibatu nahian. 6km eta ordu eta erdi daukat nire kalkuloen barruan ibiltzeko. hasieran ibilbidea laua da eta belarrezko alfonbra batetik noa, oinez pauso onean; nahiz eta korrika egiteko gogoa eman indarrak gordetzea nahiago dut. Ibaia pare bat aldiz zeharkatu eta Hospitalaren albotik pasatu ondoren piskat goruntz egiten dugu pinadi bat zeharkatuz. Bikote baten atzean kokatu naiz eta ea Pikadarako zenbat falta den galdetu diet: "Hora y media o dos horas y todo parriba!" Uff!! Frontala piztu gabe Benasquera iristea gero eta zailago ikusten dut. Ez da Pikadako gaina ikusten, soilik belardi bat eta kristoren pala, jende dexente jeisten dagoelarik. Maratoiko batzuk ere ikusten dira oraindik goruntz, eta egia esanda ni baino okerrago doaz, beraz, animo eta "pausoz pauso" maldan gora. Noizbehinka gelditu, atzerantz begiratu eta Anetoko glaziarraz gozatu.
Justu noa, baina indar batzuk bueltarako gordez, bestela 21km-ak luzeak izango baitira. Eguzkia ere izkutatzen hasi da eta freskatzen hasi da. Psikologikoki gogorra egiten ari zait, gaina ez baita ikusten. Halako batean goizeko katalanarekin gurutzatu naiz eta beste 20 minututan goian nagoela esan dit. Erlojua begiratu dut eta 7 ordu eta 45 minutu!! Hortxe hortxe ibiliko naiz 8 ordutan Pikadan egoteko, emandako erreferentzia ona bada behintzat!! Nire asmoa aldapa honetan fuerte egotea zen eta jendea aurreratzea, baina oraingoan neure buruak ematen du "hildakoa". Eskerrak kalbarioaren amaiera gertu ikusten dudan. Animo!! Azken pedrera eta goian nago!! Lainoa sartzen dago. Azken metroak, fitxatu!! 8 ordu eta 5 minutu!! "Hau eginda dago!!" pentstau dut. Aurpegia eta dena aldatu zait, berpiztuta bago!!
8-PUERTO DE LA PICADA (2.477 m)-VADO DEL HOSPITAL (1.753 m). 52,8 km. Denbora: 9:09:31. Postua: 47
Kontrola pasatu, 100 metro jeitsi eta 5 minutuko atsedena hartzea erabaki dut. Kuadrizepsak lehertu beharrean ditut eta azken bokadilotxoa jan, ura edan, barrita bat jan, txisa egin, luzaketa batzuk eta poliki-poliki, bastoien laguntzarekin beherantz!! Zangoek min ematen didate baina psikologikoa denez (edo hori diote behintzat adituek!!), aurrera!! pasatuko da.
Kontu handiz aldapa fuerteena jeistea lortu dut eta alderdi lauenera heldu naizenean kalanbre batzuk sentitu ditut kuadrizepsean. Piskat geratu, luzatzen saiatu, baina me kaguen!! Kalanbreak gutxiagotu beharrean gogorrago eragin dit. Onena jarraitzea izango da!! Poliki oinez hasi, masajetxo batzuk eman eta pasatuko dira, pentstau dut. Badirudi funtzionatzen duela eta gero eta hobeto noa, edo behintzat hori pentsatu nahi dut. Gero eta bizkorrago egin dezaket korrika. Hospitalera iritsi naiz eta belarrezko alfonbratik gustora noa, animoak gora eginez!! Gaueko 10etarako Benasquera iritsi naitekeela pentsatzen dut, Vadoko kontroletik 15 km baino ez zaizkite geratzen eta!!
9-VADO DEL HOSPITAL (1.753 m)-BAÑOS DE BENASQUE (1.680 m). 56,2 km. Denbora: 9:45:52. Postua: 47
Fitxatu ondoren berriro asfaltozko metro batzuk eta eguneko azken malda serioa. Makila eta besoekin ahalik eta indar gehien eginez (zangoetan iadanik gasolina bukatuta daukat!!) igotzea lortu dut. Orain gora, orain behera, oinez eta korrika eginez gustora noa!! Jendea aurreratzen noa (maratoikoak) eta nahiz eta beheranzkoan kuadrizepsak min eman (lehertu beharrean ditut, gogor-gogorrak) helmugan baino ez dut pentstazen, jeitsieretan relajatu eta joaten uzten naiz, ahal dudan azkarren jeitsiz (horrela denbora gutxiago sufritu behar dut!!). Konturatu orduko Benasqueko Bañuetxera iritsi naiz eta gero eta euforikoago nago!!
10-BAÑOS DE BENASQUE (1.680 m)-SENARTA (1.397m). 60,6 km. Denbora: 10:16:29. Postua: 47
Baiñuetxea pasatuta helmuga usaintzen dut, gertu daukat. 12 km falta dira eta ia dena pistatik. Makilak motxilan lotu eta ziztu bizian (nik behintzat momentu horretan sentsazio hori neukan!!) korrika noa. Maratoiko jendea pasatzen jarraitzen dut eta moralki topera nago. iadanik minak ahaztu ditut, eta disfrutatuz noa!! Akanpada gune batetik pasatzean jendearen animoek ileak tente jarri dizkidate, beste bultzakadatxo bat emanez. Posible da!! Aldapatxo bat oinez igo eta hurrengo kontrolean nago!!
11-SENARTA (1.397m)-BENASQUE (1.138m). 67,1 km. Denbora: 10:52:46. Postua: 45
Hau eginda dago!! Topera noa eta pozez txoratzen. Eguneko sufrimendu guztia ahaztu dut iada. hau da lasterketa hauek dutena. Hainbeste sufrimendu, penuria, une on, gorabehera, aldapa, jeitsiera, lamentazio, madarikazio, paisaia... ahaztu eta helmuga hain gertu daukazunean gauza onetaz baino ez zara gogoratzen eta zure buruarekin gustora sentitzen zara. Azkenean frontala piztu gabe iristea lortu behar dut. Anaiari telefonoz deitu nahi diot 10etarako helduko naizela esateko eta umeekin helmuga baino lehen prest egoteko, baina ez dago koberturarik. Azkenean 2 km faltan lortu dut abisua pasatzea. Nahiko ilun dago baina iadanik Benasqueko lehen argiak bidea ikusteko beste aegitzen dute!! Hau poza!! Benasqueko kaleetatik txalo artean!! 100 metro faltan Malen eta Naia zain daude!! Lasterketako unerik politena, umeekin helmuga pasatzea!! Eginda!!
10 ordu 52 munutu eta 46 segundu. Fitxatu eta gelditu bezain azkar gaizki sentitzen naiz, botaka egiteko gogoa daukat eta hankak gogor gogorrak ditut. Baina berdin da, pasatuko zait!! Aulki baten eseri, salda piska bat edan, ura ere bai eta...berriro altzatzean dutxara joateko gorputz guztiko mina, ezin naiz ia-ia ibili ere egin... baina bueno, gustora nago eta banekien nora nentorren eta nola bukatu behar nuen. Dutxatu, zerbait jan, kostata baina lo piska bat egin eta hurrengo egunean ikusiko da nola gauden!! Suertez, "sekuela" garrantzitsurik gabe, agujeta eta oinetan "anpolla" batzuk!! Abuztuan errekuperatu eta hurrengo erronketan pentsatzen hasita nago iadanik!! Onak izan!!

Argazkiak: Atletismo Marjana eta cerler-castanesa.es

2 IRUZKIN · COMENTARIO:

iosu dijo...

Kaixo,eta berriro Zorionak niretzat ondo ezagunak dira paraje hoiek eta asko disfrutatu dut argazkiak ikusten Aurtengo denboraldia bikaina izaten ari da arnaz luzekeko probetan KKT oredezkariak egiten ari direna (Kirikil, Zuzendari, Remerua)
Ordua zen berriro norbaitek Blogari astindu bat emotea
Ongi Etorri eta Onak Izan

ntxgarai dijo...

irakurtzean niri bebai ileak tente jarri zaizkit ;), eta kriston inbidia pasatu dut; Zorionak!

...ahal dudan azkarren jeitsiz (horrela denbora gutxiago sufritu behar dut!!)... hori non entzunda daukot nik? ;)

eta eskerrik asko konpartitzeagatik.